Skip to main content

LARZABAL KOLEGIOAREN NEGUKO JARDUERAK

Submitted by admin on Og, 2018/22/02 - 15:35

Urtarrilan, Ziburuko Larzabal kolegioko ikasleek proiektu desberdinetan parte hartu dute

 

Suhiltzaile Solidarioak

Joan den azaroaren bukaeran, "Suhiltzaile Solidario" elkarteko bi kide etorri ziren haien lana aurkeztera. Honen ondotik, ikasle talde bat sortu zen ekintza baten antolatzeko. Bilkurak egin eta, Ziburuko apeza eta Auzapezari idatzi zieten bixkotx salmenta baten egiteko baimena eskatzeko.

Urtarrilaren 21ean, igandez, ikasle horiek instalatu dira Ziburuko elizaren parean, kolegioko familiek egindako bixkotxak saltzeko. Nahiz eta denbora zirimiritsua, giro biziki atsegina zen : ikasleak aritu dira merkataritzan, pastizak saltzen, jendeari goxoki mintzatuz eta eskertuz, txanponak trukatuz.... Hori den Peruko haur elbarrituen eskolatzearen alde !!

Ondotik, Urtarrilaren 26an, ostiralez, kolegioko IDZtan bildu dira igandeko bixkotx saltzaileak eta nahi zutenek, arratsaldeko 1:30tan, Suhiltzaile Solidario elkarteko Alexia eta Lydia etortzen baitziren. Lehen parte batean, bi ikasle diren Irati eta Mikelek hitza hartu dute oroitarazteko azaroko mintzaldia ondotik, erabaki zutela diru biltze bat egitea Bixintxotan bixkotx salmenta hori antolatuz. Aiztineko igandean, Bixintxoko mezaren ondotik, egindako bixkotxak saltzen entsaiatu ziren eta bildutako diruzama guztia eskaini nahi zioten elkarteari, Peruko haur elbarrituen eskolatzearen alde ! Bide batez, parte hartzaile guztiak eskertu dituzte eman duten laguntzarendako.

Azkenik, dirutzaz ohartzeko, eraiki zuten txeke errraldoia bi kideei eskaini zieten, publikoaren esku zarten erritmoan. Bixkotx salmentari esker, 257.50€ko txekea eman diete ! Azkenik, talde argazkia egin aitzin, harrituak eta emozionatuak ziren Lydia eta Alexiak hitza hartu dute, ikasle horien dinamika eta lana txalokatzeko eta eskertzeko ! Joan aitzin, dirutza hori garraiatzeko auto baten erosteko baliatuko dutela segurtatu dute.

Suhiltzaile Solidario elkarteko kideak pozik itzuli dira haien lanera eta kolegioko ikasleak loriatuak elkartasun ekintza hau egiteagatik ! ‍Txalo bero bat deneri eta txalo bero bat zuei Amaia, Ximun, Ibai, Elaia, Irati, Mikel, Alaitz, Leyana, Milia eta Otxanda, ekintza hori antolatzeagatik !

 

 

Ikasleak elurretara !

Urtarrilaren 27a goizik hasi dute Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko 3. eta 4.eko 42 ikasleek, goizeko 6:00etan abiatu baitira kolegiotik Gourretera buruz.

Esnatzeko indarrak egin behar baziren ere merezi izan du, bertan egoera ezin hobean baitzen mendia, bezperan egin elur kapa goxo goxoa ginuen beha, iduri eta mashmallowzko zoru gainean genbiltzala !

Aurten ere, hutsik egin gabe, hor genituen Piarres eta Txomin laguntzaile trebeak, lehen aldikotz heldu diren Ainhoa eta Nagorerekin batera, hauei esker, talde ttipitan, lagunartean gozatu ahal izan dugu egunaz.

Indar guziak utzirik, baina irrifarra ezapinetan itzuli gira autobuserat.

Milesker guziei, egun hau hain ongi pasa zedin erakutsi duzuen laguntasunagatik !

Eskaladatzeko izanen dugu mendiko ondoko hitzordua Olagarroarekin, heldu den ekainan !

 

 

Urtarrilaren 29an, astelehenez, "Les Godillots" komiki albumen egile Marko Armspach kolegiora hurbildu zaigu 3.enekin solastatzera.

Marrazkilari lapurtarrak bere lan ezagunen istorioa kontatu du, baita sortze prozesua nondik eta nola abiatu zen ere.

Holako lan bat egiterakoan, teknika desberdinen gainetik artistak begiak erne behar dituela oroitarazi du. Alde batetik, gauza guztiak ongi begiratzeko marraztu baino lehen, baina bestetik egin behar den lanari buruz ongi dokumentatzeko.

Izan ere, nahiz eta "Les godillots" fikziozko istorio batzuk diren, bertan kontatzen dena Historiako gertakarietan oinarritzen dira eta garrantzizkoa da, beraz ahal bezain zintzoki kontatzea.

Ikasleek interes handiarekin segitu dituzte Lehen Munduko Gerrari buruzko azalpen guztiak, baita marrazkilari profesionala bilakatzeo jarraitu behar den ibilbide profesionala ere.

Sekretua : beti ikasten aritzea eta egin nahi denarekiko motibazioa atxikitzea.

suhiltzaile solidarioak.jpg