LIZEO BERRIAREN ESTREINALDIA

Lizeo berriaren estreinaldia irailaren 16an izan zen. Ikasleak, langileak, burasoak, lagunak eta arduradun politikoak hor ziren.

Aroa euritsuarekin, Baionako Santa Gurutze auzoko "zup" izeneko eraikin xuri handiek itxura tristea zuten.

Alta, "Zup"-eko auzoan kokatua den Bernat Etxepare lizeo berrian bertan, tristeziarik ez ! Goizetik numbre handian etorriak ziren bisitariek irria zintzilikatu zuten beren ezpainetan.

Taldeka prestuki bildua, publikoak bisita gidatuetan parte hartzen ahal zuen.

Lizeoko irakasleek ikasgelak, pasabideak, jangela, kiroldegia, liburutegia eta barnategia bisitarazten zituzten, aldi oro xehetasunak emanez.

Jean Paul Alaman Kanboko arkitektoak asmatu zuen egoitzaren ausardiak jendeak doi bat harritu zituen egia erran: "betoinezko paretak horrela atxikiko dituzte ? Ez dituzte tindatuko ?  Diaaaaaa ...." Aldiz, bertze buraso batzuek lizeoaren paretek erakusten duten "bukatu gabeko" itxura hori gustukoa zuten : euskararen salbatzea "work in progress" etengabeko lana dela sinboloa balitz bezala...

Urte bateko eraikitze lanak segitu dituen "Ikastolen Egoitzak" buraso bolondresen elkarteko lehendakaria - Patrick "Patox" Marianne - hor zen ere, alai. Emaitza bikain horren lortzeko pasa dituen lo gabeko gauak oroitzapen bat bertzerik ez ziren bainan azken urteetan egina izan den ibilbide luzea neurtzen ahal zuen. Seaskaren historioan, lizeo berria izan da eraman duen proiektu garantzitsuena !

Ikastetxea materialarekin ekipatzeko urte oso batez eraman izan den "Sagartzea" kanpaina arrakastatsua izan da: sustengatzaileek  lizeoaren aldeko sagarrondo baten erosteko parada zuten. Lizeoko lehendakari ohia, Jeff Mateo eta Seaskako Estelle Gogni kanpainaren koordinatzaileak izan dira eta beren lanak "frutu" ainitz eman dituela ikusten ahal zuten : sagarrik ez oraindik bainan mahainak, apalak, kadirak, ordinagailuak, retroproiektagailuak....

Seaskako zuzendaria - Hur Gorostiaga - eskuin eta ezker ibiltzen zen partaideen eskuak tinkatzeko, eta arduradun politikoak agurtzeko. Herri Elkargotik lur eremuaren eskuratzeko eta 9 milioi euro kostatu dituen eraikinaren diruztatzeko eraman duen maratoi luzearen azken metroak !

Paxkal Indo Seaskako lehendakaria sonorizazioa berifikatu ondotik hitzaldia egin zuen, Alain Rousset (Akitania eskualdeko lehendakaria) eta Jean René Etchegaray (Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza) arduradunekin batera.

 

Desafio berriak

Iban Thicoipe lizeoko zuzendari berriak eta Filipe Laskarai, Hezkuntz Aholkulari Nagusiak badakite lan tresna ederra izanen dutela beren irakasle taldearekin ongi lanean aritzeko. Egia erran, egoitza zaharrrean kokatua zelarik, lizeoak jadanik emaitza bikaina lortzen zituen: talde pedagogikoaren lanari esker, urtero kasik ikasle guziek estatuko azterketa desberdinak lortzen dituzte, L (Literatura eta Hizkuntzak) ES (Jendarte eta Ekonomia saila) eta Z (Zientziak) sailetan kasik %100 lorpena baita !

Iaztik Etxepare lizeoko teknologi adarra eta lanbide heziketa saila martxan ezarri dituen Helene Charriton zuzendari ohia hor zen ere. Oraindik goiti lizeoak "3° pro" arlo profesionaleko ikasleak aterbetuko ditu, baita ere Komertzioa eta Pertsonen Laguntza arloko baxo profesionalak eta MKZT teknologia adarreko Management eta kudeaketa zientziak eta teknikak (STMG "Sciences et Technologies du Management et de la Gestion" frantsesez).

Astero, kurtso orduetatik kanpoko UNSS kirol saioetan dozenaka ikasleak segitzen dituen Xan Mari Ithurbide kirol irakasleak izarrak zituen begietan: lizeoko kiroldegi berria puntakoa da eta lan egiteko tresna bikaina ukanen du !

 

Hitzaldi ofizialen ondotik, hor ziren 300 pertsonek zintzur bustitzean parte hartu zuten, jantegi berri berrian bazkaldu aitzin, bertan sukaldatua izan zen oturuntza gozatzeko. Oraindik goiti Bertakoa egiturak kudeatzen duen lizeoko sukalde kolektiboak dozena bat ikastolen bazkariak prestatuko ditu, egunero mila ikasleen eguerdietakoa segurtatuz.

Ororen buru, lizeotik partitzean, denek argi zuten Seaskako ikastetxe moderno berri berria gizartea euskalduntzeko tresna aproposa izanen dela.